GARA, 2000/09/14
EKIN: "Mehatxupean isildu nahi gaituzteģ
Espainiar Gobernuko bideari jarraituz, Garzon epaileak agindutako operaziaren aurrean, ondokoa adierazi nahi du Ekinek.
- Antolakunde hau, herri honek bere eskubideak eskuratzeko bizi duen une historiko honetan, Euskal Herri osoan eraikuntza nazionalean lan egiteko eta herri mugimendua suspertzeko jaio zen. 1999ko azaroan aurkeztu genuen gure burua eta, orduz geroztik, horixe izan da gure betebeharra. Urtebete honetan gure kidegoa euskararen alde, eskubide sozialaren alde, ingurumenari lotutako borroketan, euskal kulturaren alde, hezkuntza sistema nazional baten alde, euskal selekzioen alde, Euskal Herriaren barne harremanak indartu eta lurraldetasuna eraikiz, ekimenetan ikusi ahal izan du euskal gizarteak, beste zenbait sektorerekin elkarlanean, herriz herri eta auzoz auzo eguneroko lan militantean. Horixe esan genuen zela Ekin eta, zabor periodistiko eta intoxikazio polizialen gainetik, horixe izan da.
- Garzonek jaurtitako akusazioak ez dira Ekineko izaeran eta jardueran oinarritzen, atxilotu dituzten euskaldunen lan politiko eta sozialean sostengatzen ez diren bezalaxe, aldez aurretik fabrikatutako tesi zital bati eutsiz. Koherentziaz jokatzen duen euskal independentista orok ETAko proiektuarekin bat egiten du, eta, beraz, ETAkoa omen da. Nazio eraikuntzan ari garen milaka eta milaka euskal gizon eta emakumeri espainiar eta frantziar proiektuen agintari eta kolaboratzaile direnek errepresio mehatxupean isildu nahi gaituzte. Gertaera hauek agerian uzten duten bezala, indarkeriaren gaineko eztabaida faltsu baten jirabueltaka dabiltzan horien salaketa ahotsa entzun nahi dugu.
- Azken operazio honen helburuak bistakoak dira: alde batetik, gatazka politikoaren au- rrean zapalkuntza eta errepresio estrategiaren porrota ezkutatu, eta, beste alde batetik, Euskal Herriaren askapenerako motorea, eraikuntza nazionala alegia, galarazten saiatzea. Nazio desegituraketa eta suntsipenari segida ematera datoz.
- Zentzu honetan, jokabide nazio askatzaileen sustatze praktikoa, herriz herri eta arloz arlo herrigintzan dabilen protagonista ororekin elkarlan etengabean aritzeko konpromisoa berresten dugu. Euskal herritarrek garatu duen eragiletza eta auzolanerako gaitasuna indartu eta are eraginkorrago bilaka dadin lan eginez eta independentzia eta sozialismoaren aldeko erreferente izaten.
- Atxilotu guztien askatasuna exijitu eta egun hauetan deituko diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu euskal gizartea.
EUSKAL HERRIAN, 2000. IRAILAK 13